SAN FELIPE APOSTOL

Estatutoak

IZENA ETA EGOITZA SOZIALA

1. artikulua

“SAN FELIPE APOSTOL, ELKARLAGUNTZAKO ELKARTEA – SOCIEDAD DE SOCORROS MUTUOS” Borondatezko Gizarte.Aurreikuspeneko Erakundea Arrasaten sortu zen 1898ko apirilaren 13an, eta Estatutu hauetan jasotzen diren arauei eta indarreko legezko xedapenei jarraitzen die.

SAN FELIPE ELKARLAGUNTZAKO ELKARTEA modalitate ez-diferentziatuko borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat da, Euskadiko BGAE Erregistroan 37-G zenbakiarekin izena emana duena eta honako helbide hau duena: Gipuzkoa Etorbidea, 33 behea, 20500 Arrasate-Mondragon. IFK: V-20054243.

Batzar Orokorrak egoitza soziala lekuz aldatzeko ahalmena izango du; hala, Batzar Orokorrak baimena emango dio Gobernu Batzordeari egoitza soziala Arrasateko udalerri barruan lekuz aldatzeko, eta lekualdaketa egin osteko lehen Batzar Orokorrean onartuko da.

2. artikulua

Erakundearen izena hauxe da: “SAN FELIPE APOSTOL, ELKARLAGUNTZAKO ELKARTEA – SOCIEDAD DE SOCORROS MUTUOS”, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea – Entidad de Previsión Social voluntaria.

NORTASUN ETA GAITASUN JURIDIKOA

3. artikulua

Erakundeak, nortasun juridikoaz gain, gaitasun osoa dauka bai ondasunak erosi, eduki, zergapetu eta besterentzeko, bai lortu nahi dituen helburuekin lotuta dauden orotariko egintza eta kontratuak egiteko; era berean, egokitzat jotzen diren prozedurak sustatu ahal izango ditu, eta dagozkion eskubideak eta akzioak gauzatu Justizia Auzitegien eta Administrazio Publikoaren Erakunde eta Bulegoen aurrean; baita era guztietako pertsona fisikoen nahiz juridikoen aurrean ere.

XEDEA

4. artikulua

Erakundearen xedea hauxe da: bazkide bat hiltzen denean, ehorzketa eta garraio gastuak ordaintzea eta haren familiartekoei laguntza ekonomikoa ematea, Estatutu hauetan jasotakoaren arabera.

IRAUPENA

5. artikulua

Erakundearen iraupena mugagabea da, eta hala izango da Legearen arabera edo Estatutu hauetan adierazitako arrazoiren bat dela-eta erakundea desegitea egoki ikusten ez den bitartean.

LURRALDE EREMUA

6. artikulua

Erakundearen jardunak Debagoiena eta Aramaio hartzen ditu nagusiki.

EGOITZA SOZIALA

7. artikulua

Estatutu hauetan bazkideei legez aitortzen zaizkien eskubideekin eta interesekin lotutako erreklamazioak idatziz aurkeztu beharko dira Erakundearen bulegoetan, paperezko euskarrian nahiz Gobernu Batzordeari zuzendutako posta elektroniko bidez, non eskatzailearen datu pertsonalak eta erreklamazioaren arrazoia jasoko diren.

Gobernu Batzordeak hiru hilabeteko epea izango du, erreklamazioa aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, erreklamazioan planteatutako eskaerari buruzko erabaki arrazoitu bat emateko. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu ahal izango da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen gaian eskuduna den Eusko Jaurlaritzako Sailean, edo justizia auzitegi eta epaitegietan.

BAZKIDE MOTAK

8. artikulua

Bi motatako bazkideak egon daitezke: bazkide babesleak eta bazkide osoak.

Babesletzat jotzen dira Erakundetik zuzeneko etekinik atera ez, baina modu batera edo bestera Erakundea mantendu eta garatzen laguntzen dutenak.

Bazkide osoek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte; horrek ez du esan nahi, ordea, egiten dituzten ekarpenek eta jasotzen dituzten onurek ez dutenik beren zirkunstantzia pertsonalekin erlaziorik izango.

9. artikulua

Bazkide osoen artean hiru mota bereizten dira ondorio administratiboetarako:

a)Titularrak
b)Ezkontideak / Izatezko bikotekideak
c)Onuradunak

Bazkide titularrak adinez nagusiak izango dira. Bazkide onuradunak ere bazkide titulartzat joko dira 40 urte bete osteko urtean.

Titularrarekin bizi diren adin nagusiko pertsonak bazkide ezkontidetzat edo izatezko bikotekidetzat joko dira, bien artean hala izatea erabakitzen badute.

Titularrarekin bizi diren izatezko nahiz legezko seme-alabak, 40 urte bete arte (40. urtea barne), bazkide onuradun izango dira.

ERAKUNDEAN SARTZEKO BALDINTZAK

10. artikulua

Erakundean bazkide titular gisa sartzeko, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea, Debagoieneko Mankomunitatean edo Aramaion bizitzea eta osasunez bikain ibiltzea; hori guztia behar den moduan egiaztatu beharko da, Erakundeak hala egiteko eskatuz gero.

Azken finean, Gobernu Batzordeak izango du, kasu bakoitzean, bazkideak onartzeko ala ez onartzeko ahalmena.

Bazkide izaera eskuratzeko, ezarritako urteko kuota eta sarrera kuota ordaindu beharko ditu bazkidegaiak behin Gobernu Batzordeak onarpena baieztatutakoan.

Batzar Orokorrak urtero onartuko ditu sartu berrientzako sarrera kuotak.

11. artikulua

Gobernu Batzordeak eskubidea izango du Erakundean sartu nahi duen eskatzaileari Gobernu Batzordeak izendatutako mediku baten txosten medikoa eskatzeko, izan San Felipe BGAEn izena emateko unean, izan heriotza gaixotasun baten ondorioz gertatu ostean, hala badagokio, egiaztatzeko bazkideak Erakundean sartu ondoren hartu zuela gaixotasuna.

Sartzeko eskaera egiterakoan bazkideak heriotzaren eta gaixotasun eragilearen berri bazeukala jakingo balitz, orduan eskaera iruzurtzat joko litzateke, eta, honenbestez, ez luke izango ez laguntzarik ez prestazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik; era berean, ordaindutako kuotak bueltatu egingo lirateke.

12. artikulua

Sartzeko eskaera egiterakoan bazkideak heriotzaren eta gaixotasun eragilearen berri bazeukala jakingo balitz, orduan eskaera iruzurtzat joko litzateke, eta, honenbestez, ez luke izango ez laguntzarik ez prestazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik; era berean, ordaindutako kuotak bueltatu egingo lirateke.

13. artikulua

Bazkide titular baten onuradunak titularrarekin bizitzeari uzten badio, egoera berria Gobernu Batzordeari jakinarazi beharko dio, egoera hori Erakundean egoki erregularizatuta gera dadin.

14. artikulua

Era berean, bazkide titularra hiltzen denean, ezkontide edo izatezko bikotekide den bazkideak bazkide titular gisa jarraituko du Erakundean, eta bazkide onuradunek, halakorik balego, onuradun gisa segituko dute.

Ezkontiderik edo izatezko bikotekiderik ez balego, onuradun zaharrenak bazkide titular izaera hartuko luke, bazkidearen zenbaki berberari eutsiz.

BAJAK

15. artikulua

Bazkide guztiek nahi dutenean utzi ahal izango dute Erakundea; horretarako, nahikoa izango da lehendakariari idatziz adieraztea.

Urteko kuota ordainduta badaukate, hurrengo abenduaren 31ra arte izango dute prestazioa jasotzeko eskubidea; data horretatik aurrera, berriz, ez dute batere eskubiderik ez betebeharrik izango.

BERRIRO ONARTZEA

16. artikulua

Bazkide bat berriz onartzeko, urtebetera arteko epea izango du Gobernu Batzordeak baietza emateko, eskatzaileak baja eman zuen egunetik zenbatzen hasita. Baja datatik urtebete baino gehiago igaro bada, sarrera kuota ordaindu beharko du.

BAZKIDEEN BETEBEHARRAK

17. artikulua

Bazkide osoek Batzar Orokorrean erabakitako kuotak –kopuruak eta epeak kontuan hartuta– ordaindu beharko dituzte. Kuotetan edozein aldaketa egingo bada, aldaketa hori indarrean sartu aurretik Batzar Orokorrak onartu beharko du.

18. artikulua

Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera titular izaera hartzen duten onuradunek nahiz ezkontideek/izatezko bikotekideek bazkide titularrei dagokien kuota ordaindu beharko dute.

19. artikulua

Bazkide guztien betebeharra izango da Erakundearen gobernu organoek hartutako baliozko erabakiak betetzea.

20. artikulua

Bazkideak behartuta daude Gobernu Batzordearen proposamenez Batzar Orokorrak izendatzen dituen karguak onartzera. Gutxienez, bi urtez luzatuko den lehen aldi bat egongo da, eta segidako beste batzuk, aurreko kargu-uztetik 10 urte igarota.

21. artikulua

Erakundean sartzeko eskaera ereduan, bazkide titular izateko aurkeztu denak ezkontide/izatezko bikotekide edota onuradun diren familiartekoak zerrendatuko ditu, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

22. artikulua

Era berean, bazkide titularrek derrigorrez jakinarazi beharko diote Gobernu Batzordeari, idatziz, familian gerta litekeen edozein aldaketa, hala nola etxe aldaketak, banku helbidearen aldaketak, etab.

23. artikulua

Edozein arrazoi dela-eta bazkide onuradunen izendapena aldatu nahi izanez gero, idatziz eskatu beharko da.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA ESKUBIDEOK GAUZATZEKO MODUA

24. artikulua

Bazkide bat hiltzen denean, San Felipe Elkarlaguntzako Elkarteak honako gastu hauek ordaindu behar ditu:
a) Heriotza estatuak hartzen duen lurraldean gertatzen bada:

  • Gorpua heriotza gertatu den lekutik hilaren bizileku edo erroldalekuraino.
  • Hilkutxa, modelo estandarra.
  • Herrian eskelak jarri.
  • Hila jantzi.
  • Hilkutxa ekitaldi zibil edo erlijiosora eraman, herriko ohiturei jarraituz.
  • Epaitegiko kudeaketak.
  • Medikuaren heriotza ziurtagiria.

b) Heriotza atzerrian gertatzen bada, aurrez gastuen fakturak justifikatu ondoren, Batzorde Orokorrak urtero zehazten duen kopuruaren mugaraino, ehorzketa gastuak konpentsatzeko.

Eta gainera, heriotza bakoitzagatiko prestazio ekonomiko bat, Batzar Orokorrak urtero zehaztuko duena.

Bazkide guztiek kategoria bereko zerbitzuak edukiko dituzte, eta zerbitzuok hobetzea haien kontura izango da.

25. artikulua

Erakundean sartu eta handik hiru hilabetera egingo dira bazkideak beren eskubideen jabe, izan ere, horixe izango da sarrera kuota edota urteko kuota ordaintzeko data.

Istripurik gertatuz gero, hiru hilabeteko gabealdiak ez du eraginik izango.

Sarrera datatik zenbatzen hasi eta urtebete igaro baino lehen gertatu bada heriotza, eta gaixotasun baten ondorioz gertatu bada, Erakundeak txosten mediko bat aurkeztea eskatu ahal izango du, heriotzaren arrazoia Erakundean sartu ostean jazo zela frogatzeko.

Bazkidea Erakundean sartu aurretik gaixotasuna hor zegoela kontu jakina zela ikusiz gero, San Felipe BGAEk heriotzarengatik ordaindutako zerbitzuen eta kopuruen zenbatekoak itzultzeko eskatu ahalko die onuradunei.

26. artikulua

Prestazio ekonomikoa honako gastu hauek ordaintzera bideratuko da: errausketa nahiz ehorzketa, tanatorioa, loreak, eskelak eta heriotzaren ondoriozko beste batzuk, laguntza amaitu arte; kontratatutako zerbitzuengatiko gehiegizko kostua, berriz, familiartekoek hartuko dute beren gain. Egindako gastuak prestazio ekonomikoa baino txikiagoak badira, hildakoari urteko kuota kobratzen zitzaion kontuan sartuko da soberakina.

San Felipe Hileta Zerbitzuei uko eginez gero, zenbateko bat ordainduko da konpentsazioa gisa, gehi prestazio ekonomikoa.

Uko egiteagatiko konpentsazioaren zenbatekoa eta prestazio ekonomikoa urtero onartuko dira Batzar Orokorrean.

PRESTAZIOEN IZAERA

27. artikulua

Erakundeak ematen dituen prestazioak bateragarriak eta erabat independenteak dira bazkideek, aseguru pribatuak edukitzeagatik, edo horien bikoiztasunagatik, izan ditzaketen etekinekin. Kasu horretan, San Felipe Elkarlaguntzako Elkarteak urtero zehazten diren zenbatekoak ordainduko ditu hileta zerbitzuari uko egitearen eta prestazio ekonomikoaren konpentsazio gisa.

28. artikulua

Erakundeak ez du banatuko bazkideen artean dibidendurik edo entregarik baldin eta, egindako ordainketekin lotuta, bazkide horientzat espekulatzeko edo irabazteko egintza bat ekartzen badute; izan ere, Estatutu hauetan ezarritako prestazioetarako kopuruak baino ez dira ordainduko.

29. artikulua

Bazkideen alde ezarritako prestazioak pertsonalak eta transferiezinak izango dira; ondorioz, ezin izango dira laga, ez osoki ez partzialki, eta ez dira berme gisa erabili ahal izango bazkideek hirugarren pertsonekin har litzaketen obligazioak betetzeko.

ERANTZUKIZUN EKONOMIKOAREN NORAINOKOA

30. artikulua

Bazkideek Erakundearekin duten erantzukizuna arauz ordaindu beharreko kuoten zenbatekora mugatuta dago. Erakundeak bere bazkideekin duen erantzukizuna, berriz, baliabide horren bitartez eta gainerako arauzko bideen bitartez ordaindu beharreko zenbatekoetara mugatuta dago.

ZEHAPENAK

31. artikulua

Estatutu hauetan jasotako arauak ez betetzeagatik bazkideei ezarriko zaizkien zehapenak honako hauek izan daitezke: isunak, eskubideak aldi baterako kentzea, bai eta Erakundetik behin betiko aldenaraztea ere; horrek ez du esan nahi, ordea, erantzukizunik eskatuko ez zaienik, eta bete gabeko obligazioak betetzera behartuta egongo ez direnik.

32. artikulua

Bazkide batek urteko kuota bat ordaintzen ez badu, Gobernu Batzordeak bazkide hori Erakundetik kanporatzea erabaki ahal izango du.

ZEHAPENAK EZARTZEKO PROZEDURA

33. artikulua

Gobernu Batzordearen eskumena da zehapenak ezartzea. Zehapena jaso duen pertsonak hogeita hamar eguneko epea izango du errekurtsoa aurkezteko, Batzordeari berari zuzendutako idazki baten bidez, eta Batzordeak emango du behin betiko ebazpena.

34. artikulua

Ezin izango da Gobernu Batzordeak ezarritako zehapenak berresten dituzten ebazpenen aurkako errekurtsorik aurkeztu Gobernu Batzordearen aurrean.

Hala ere, bazkideek eskubidea daukate Batzar Orokorrean errekurtsoa jartzeko eta, baita ere, haren erabakien aurka errekurtsoa jartzeko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailean, Erakundearen antolaketa eta funtzionamendu gaietan; hori guztia justizia auzitegiek eta epaitegiek duten eskumenaren kalterik gabe.

GOBERNU ARAUAK

35. artikulua

Batzar Orokorra da Erakundearen borondate sozialaren organo gorena, eta bazkideek nahiz horien ordezkariek osatzen dute zuzenki, Estatutu hauetan xedatzen denaren arabera.

Gobernu Batzorde batek administratuko eta ordezkatuko du Erakundea. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak, sei kidek eta maizter batek.

36. artikulua

Hauek dira Gobernu Batzordearen aginpideak:

a)Erakundea administratzea, ondo jardun eta arautzeko behar diren neurriak hartuz.

b)Bazkideak onartu, behin betiko aldenarazi eta berronartzea; baita zehapenak ezartzea ere, Estatutuetan ezarritako arauei jarraituz.

c) Erakundeak ondo jardun dezan beharrezko ikusten diren kanpo zerbitzuak kontratatzea.

37. artikulua

Gobernu Batzordearen osaera Urteko Ohiko Batzar Orokorrak onartuko du, Gobernu Batzordearen proposamenez.

38. artikulua

Gobernu Batzordea urtero berrituko da, eta berritze horrek batzordekideen erdiei eragingo die urtero.

Lehenengo aukeraketan, lehendakariak, diruzainak eta hiru kidek utziko dute kargua; gainerakoek, berriz, hurrengo aukeraketan utziko dute, eta ordena horri jarraituko zaio geroko hauteskundeetan ere.

Karguan eman beharreko denbora bi urtekoa izango da; nolanahi ere, kargudunak mugarik gabe berraukeratu ahal izango dira Gobernu Batzordearen eskariz, Batzar Orokorraren onarpenarekin eta interesdunen oniritziarekin.

39. artikulua

Gobernu Batzordean karguak betetzeko, ezinbestekoa izango da Erakundeko bazkide izatea, adinez nagusia izatea, sozietatearekiko obligazioak bete eta ordainketak egunean izatea.

40. artikulua

Izendapenak eta Gobernu Batzordearen osaera Eusko Jaurlaritzako Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari jakinaraziko zaizkio.

41. artikulua

Zuzendaritza postuetan diharduten bazkideek ezin izango dute inolako ordainsaririk jaso egiten duten kudeaketarengatik; Erakundean zerbitzu tekniko edo profesional iraunkor bat ematen duten pertsonek, berriz, ordainsaria jasotzeko eskubidea izango dute.

Maizterrak, lehendakariak, idazkariak eta diruzainak, betetzen dituzten zeregin bereziak direla eta, Gobernu Batzordeak adierazten duen zenbatekoa jasoko dute.

42. artikulua

Gobernu Batzordea bi hilean behin bilduko da gutxienez ohiko gaiak aztertzeko, eta lehendakariak, egoki ikusten duenean, ezohiko bilerara deitu ahal izango du.

Gobernu Batzordea balioz eratzeko, batzordekideen erdiak eta bat gehiagok bertaratu beharko dute Batzordera.

43. artikulua

Gobernu Batzordearen ebazpenak botoen gehiengoz hartuko dira, eta lehendakariak kalitate botoa izango du berdinketa kasuetan erabakitzeko.

Eztabaida eta prozeduretan, lehendakariak zehazten duen ordenari eta sistemari jarraituko zaio.

GOBERNU BATZORDEKIDEEI DAGOZKIEN AGINPIDEAK

LEHENDAKARIARENAK

44. artikulua

Lehendakariak aginpidea izango du Gobernu Batzordearen bileretan eta Batzar Orokorretan eztabaidak gidatzeko, Gobernu Batzordearen bileretara deitzeko eta premiazko kasuetan behar diren neurriak hartzeko.

Hirugarrenen aurrean Erakundea ordezkatuko du.

LEHENDAKARIORDEARENAK

45. artikulua

Lehendakaria ez badago, haren ordez jardungo du.

DIRUZAINARENAK

46. artikulua

Erakundearen fondoak zainduko ditu, eta arauzko ordainketak egin; hileko kontuak prestatuko ditu Gobernu Batzordearen bileretan aurkezteko, eta ekitaldikoak ere bai, balantzearekin batera, Ohiko Batzar Orokorrean aurkezteko.

Urteko kuoten ordainketa kudeatuko du, eta ordaindu barik dauden kuotak kobratzeaz arduratuko da.

IDAZKARIARENAK

47. artikulua

Hona hemen idazkariaren eginkizunak: Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilkuretako aktak idaztea; bilera horietarako gai zerrendak prestatzea; bazkideen altak eta bajak tramitatzea; ekitaldi bakoitzari buruzko memoria idaztea eta, lehendakariarekin batera, hartzen diren erabakiak betetzea.

Lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzara eta hala egiteko eskatzen duten erakunde ofizialetara bidali beharreko dokumentazio ofiziala prestatu eta izenpetzea.

Gobernu Batzordearen bileretara deitzea.

KIDEENAK

48. artikulua

Gobernu Batzordeak agintzen dizkien zereginak beteko dituzte.

MAIZTERRARENAK

49. artikulua

Hona hemen maizterraren eginkizunak: hiletetarako materiala erostea, Gobernu Batzordeak erabakitako bolumenean eta baldintzetan; hileta zerbitzuak antolatzea.

Bazkideen eta bazkide izan litezkeen pertsonen kontsultei erantzungo die, horretarako ezarrita dauden askotariko komunikazio bideak erabiliz.

Bere eginkizunekin lotutako kontuak Gobernu Batzordeko kideei jakinaraziko dizkie.

San Feliperen ardurapeko hileta zerbitzuak egoki kudeatuko ditu, horretarako behar dituen bitarteko pertsonalak eta materialak erabiliz.

Eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion zeregin guztiak.

GOBERNU BATZORDEKO KIDEEN ERANTZUKIZUN SOZIALA

50. artikulua

Batzar Orokorrak eskumena izango du Gobernu Batzordeko kideei, egindako kudeaketagatik, erantzukizuna eskatzeko, eta, hala badagokio, egoki diren zehapenak zehazteko; baita kideok aldarazteko ere.

BATZAR OROKORRAK

51. artikulua

Erakunde honek urte bakoitzaren lehen lau hilabeteen barruan egingo du Ohiko Batzar Orokorra. Gobernu Batzordeak Batzar Orokorra egin baino hamar egun lehenago gutxienez egingo du deialdia, titularrei jakinarazita. Titular bakoitzaren ordez, haren ezkontidea/izatezko bikotekidea edo hemezortzi urtetik gorako onuradun bat bertaratu ahal izango da.

Bilkura egin ahal izateko, lehen deialdian bazkide titularren erdiak eta bat gehiagok bertan egon beharko dute; bigarren deialdian –hogeita hamar minutu geroago–, bilkura egin ahal izango da, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere.

Batzar Orokorretarako deialdiak, gai zerrenda barne, Erakundearen webgunean argitaratuko dira, baita Arrasaten eskelak jarri ohi diren lekuetan ere; gainera, herriko komunikabideen bidez ere informazioa zabalduko da.

Halaber, hartutako erabakiei buruzko aktak Erakundearen webgunean argitaratuko dira, bazkideak jakinean egon daitezen.

52. artikulua

Hona hemen Ohiko Batzar Orokorreko gai zerrendan jaso beharko diren gaiak:

  1. Bi pertsona izendatzea, lehendakariarekin eta idazkariarekin batera, Batzar Orokorreko akta onartzeko.
  2. Ekitaldiaren memoria, amaitutako ekitaldiko kontuen balantzea eta hurrengo urterako aurrekontua aztertu eta onartzea.
  3. Gobernu Batzordeko karguak berritzea.
  4. Bere eskumeneko beste edozein gai.
  5. Galderak eta eskaerak.

53. artikulua

Gizarte aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak erabakitako eredu eta jarraibideetara egokituko dira bai balantzea bai sarreren nahiz gastuen aurrekontua.

54. artikulua

Gobernu Batzordeak, egoki irizten badio, Ezohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin ahal izango du, Batzordeak berak eskatuta edo titularren %20k eskatuta.

Ezohiko Batzar Orokorretan, Batzarra egitea eragin duten gaiak baino ezin izango dira aztertu. Dagokion deialdian jakinaraziko da gai horiek zein diren.

55. artikulua

Batzar Orokor guztietan, erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira, Estatutu hauetan zehaztutakoak izan ezik.

Estatutuak onartu eta aldatzeko, eta baita Erakundea fusionatu, federatu eta desegiteko ere, gai horiek aztertuko diren Batzar Orokorretara bertaratutako bazkideen 2/3en gehiengoa beharko da.

56. artikulua

Batzar Orokorretarako deialdietan, biltzeko data, ordua eta lekua adieraziko dira. Gai zerrenda ere zehaztuko da.

57. artikulua

Batzar Orokorra egin eta hurrengo hilabetean zehar, Erakundeak honako hauek bidaliko ditu Eusko Jaurlaritzako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistrora: Batzarraren akta, Gobernu Batzordekideen zerrenda, aurreko ekitaldiaren balantzea eta memoria, eta uneko urterako aurrekontua, zeina Ohiko Batzar Orokorrean onartuta egongo baita.

ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA

58. artikulua

Erakundearen ondare soziala honako baliabide hauen bidez elikatuko da:

  1. Bazkide kuoten zenbatekoaren bidez. Erakundeak gutxienez 50.000,00 (berrogeita hamar mila) euroko mutua fondo bat edukiko du.
  2. Bazkide babesleek egin litzaketen ekarpenen bidez.
  3. Dohaintzen, legatuen eta legez eskuratutako beste edozein sarreraren bidez.
  4. Erakundearen fondoen interesen bidez.

59. artikulua

Fondo sozialaren inbertsioa zorrotz lotuta egongo da bai indarreko araudiak bai Gobernu Batzordeak landu beharreko inbertsio planak zehazten dutenarekin.

Erakundeak ezin izango du bere erreserben %30 baino gehiago ondasun higiezinak eskuratzera bideratu; nolanahi ere, ondasunok balio eta errenta bermeak eman beharko dituzte.

ADMINISTRAZIO GASTUAK

60. artikulua

Bazkide bakoitzak ordaindu beharreko urteko kuotak Batzar Orokorrak zehaztuko ditu, Gobernu Batzordearen proposamenez.

Batzar Orokorrak baimena ematen dio Gobernu Batzordeari prestazioak murritz ditzan edota kuoten derramak onar ditzan, baldin eta hori egitea beharrezkoa bada hornidura teknikoen estaldurarako eta Erakundearen kaudimena ziurtatzeko behar diren fondoak izateko.

ADMINISTRAZIO GASTUAK

61. artikulua

Ekitaldi bakoitzeko administrazio gastuek ezin izango dute inondik inora ere gainditu aurreko ekitaldian bildutako kuota guztien %15.

KONTABILITATEA

62. artikulua

Erakundearen kontabilitatea argia eta zehatza izango da, edozein unetan benetako egoera ekonomikoa zein den jakin ahal izateko, ziklo ekonomikoa urte naturalari egokituz.

Kontabilitate liburuak, berez, merkataritzako kodeak eskatzen dituenak izango dira, indarreko arauen araberakoak.

Bazkideek edozein unetan eskatu ahal izango dute Erakundearen finantza egoerari buruzko informazioa; horretarako, eskaeraren arrazoia justifikatuko duen idazki bat aurkeztu beharko dute.

Gobernu Batzordeak eskatu zaion informazioa eman beharko du derrigorrez, Erakundearen interesak arrisku larrian daudenean izan ezik.

ARAUDIA ALDATZEA

63. artikulua

Estatutu hauek aldatu egin daitezke Batzar Orokorrak hala erabakiz gero.

ERAKUNDEA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

64. artikulua

Hona hemen San Felipe BGAEa desegiteko arrazoi batzuk:

  • Erakundeko bazkideen kopurua jaitsi dela-eta Erakundearen jarduna bideraezin bihurtzea.
  • Beste erakunde batekin bat egitea.
  • Erabateko zatiketa.
  • Ezohiko Batzar Orokorrak hala erabakita.
  • Indarreko legedian xedatzen diren beste arrazoi batzuk direla eta.
  • Erakundearen xede soziala amaitzea, edo xede hori amaitzea nabarmenki ezinezkoa izatea, edo Erakundearen estatutuetan jasotako beste kasuren bat gertatzea.
  • Bi ekitalditan jarraian, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen jarduera, arrazoi justifikatu barik, gelditu edo etetea.

65. artikulua

Erakundea deseginez gero, behin eragindako prestazioei erantzunda eta banatzeko moduko erreserbak bazkideen artean banatuta, geratzen diren soberakinak eta gainerako ondasun eta tresnak eskualdeko ongintza zentro bati emango zaizkio.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako tramite eta erregistroak zintzoki beteko dira; gainera, Eusko Jaurlaritzan borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen erantzukizuna duen sailari zein likidatzaile izendatu diren eta horien inguruko zirkunstantziak zein diren adierazi beharko zaio.

Fitxategia